
Kosovoren independentzia, herrien autodeterminazio eskubidearen eztabaida berpiztu du Europan. Bertan izan dugu, euskal abertzale eragile ezberdinen diskurtso politikoak. Aurreko astean, istilu handiak bizi ziren Kosovoko serbiarren errebolta ezberdinetan. Izan ere, EEBBek gogotsu bultzatu duten independentzia prozesu hau (argazkia), interes ekonomiko eta geoestrategiko ezberdinen erantzuna izan baita, eta beraz, Balkanetako arazoa luzerako dirau. Hona hemen, Europar Integraziorako egin nuen gogoeta:
Kosovoko lurraldea, Balkanetan aurkitzen da, historian zehar kultur, etnia, ideologi eta nazio ezberdinen eszenatokia den lurraldea. Izan ere, bertan aurkitu ditzakegu musulmanak, katolikoak, kristau ortodoxoak, judutarrak, ateoak, komunistak, frantses, alemaniar edota ingeles hiztunak, etab, hau da, denetarik. Eraketa multietniko honek sarritan liskar handiak eragin ditu, eragiten ditu eta eragingo ditu. Kosovoren independentzia, eta oro har, azken hamarkadetako Balkanetako egoera, aipaturiko egoera gatazkatsuan kokatu behar dugu. Eta hau aztertzeko, historia konplexuari so egin beharko genioke.
Ez dugu ahaztu behar Lehen Mundu Gerrako casus bellia, hau da, Austria-Hungariako Inperioaren artxidukearen hilketa, Balkanetako nazionalismoekin zerikusia izan zuela. Bigarren Mundu Gerran, erregimen faxisten eta nazien kontra, serbiar zapalduak Josip Broz Tito gerrilariarenpean partisanoak izeneko erresistentzia mugimendu komunistan antolaturik garaipena lortu zuten. Honen ondoren, Tito bera buruzagi izanda, Balkanetako nazio ezberdinen arteko errepublika sozialista autogestionatu bateko erregimena eratu zen, Sobietarren eragin esparrutik at. Esperientzia hau, Yugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren izena hartu zuen eta nahiz eta estatu federatuen arteko botere oreka berdintsua mantendu, nazionalismoek errepresio gogorra pairatu behar izan zuten. Erregimen hau 1980ko hamarkada arte iraun zuen; izan ere, Titoren heriotzarekin, krisialdi ekonomikoarekin, bloke komunistaren erorketarekin eta Balkanetako nazionalismo ezberdinen hazkuntza erradikalaren eraginez jausi zen.
Yugoslavia ohiko botere oreka Serbiak bereganatu nahi zuenez, (Yugoslaviako Erreinuan gertatu zen bezala, historia errepikatu egin zen) mugimendu nazionalista independentista ororen aurkako nolabaiteko “gurutzada etniko” bat hasi zuen, 1991etik 2001era iraungo zuen gerra odoltsu bati hasiera emanez: Yugoslaviako Gerrak. Gatazka armatu zabal eta luze honetan, alde batetik Serbia eta Serbiaren aldekoak zeuden (Yugoslaviaren oinordetza jaso nahi zutenak) eta bestetik independentistak zirenak, hau da, kroaziarrak, bosniarrak eta albaniarrak (kosovarrak hemen kokatu beharko genituzke). Izan ere, Berlineko harresia erorita, Balkanak osatzen zituzten nazio ezberdinak Europako Ekialdeko nazio ezberdinekin bat eginez, beraien estatu-nazio izaera aldarrikatzeari ekin zioten independentzia prozesuak abiarazten. Horrela, 1990. hamarkada hasieran, esaterako Kroaziak, Esloveniak, Bosniak edota Mazedoniak beraien independentzia eskuratzea lortu zuten, kasu askotan odol asko isurita eta NATO, EEBB eta NBEn eskusartzearekin bake erlatibo batean murgildurik. Baina independentzia prozesu ezberdin horietan, etnia guztien nahiak asetzea ezinezkoa denez, liskarrak eta tentsioak aurkitu ditzakegu nonnahi.
Bertan aurkitzen gara egun. 2007an Montenegrok, autodeterminazio eskubidearen bidez Serbiatik independizatu zen, eta 2008ko martxoaren 17an Kosovok, Hauteskunde Orokorretan Hashim Thaci eta bere alderdia den LDKren (Kosovoko Alderdi Demokratikoa) garaipenarekin hasitako independentzi prozesuari amaiera emanez. Guzti honek, Serbian amorru bizia piztu du. Izan ere, Serbiaren naziotasunaren oinarri historikorik garrantzitsuena Kosovon bertan dago.
Aipatu beharra dago, Kosovoko egoera, Montenegrorekin ezin dela konparatu. Kosovo, gerra ostean Nazio Batuek burututako kudeaketa penagarri eta ustel baten pean aurkitzen zen. Kosovon bertan, nahiz eta albaniarrak gehiengoa izan, serbiarrak, mazedoniarrak edota hungariarrak topa ditzakegu. Independentziari ateak ireki zizkion Hauteskunde Orokorretan soilik %45eko partaidetza egon zen, hau da, demokratikoki garaipen hura ez zen izan oso legitimoa, hautesleen erdia baino gehiagok ez baitzuten bozkatu.
Liskar handiena, albaniar eta serbiarren artekoa da. Tentsio hau, iparraldean aurkitzen den Mitrovica hirian oso nabarmen isladatzen da. Bertan, 20.000 serbiar eta 80.000 albaniar Ibar ibaiarengatik banandurik aurkitzen dira. Kosovoren iparraldean 40.000 serbiar bizi dira eta beraien liderrak independentziarekin eta Serbiarekiko elkartzearekin mehatxatzen dute.
Gainera, tentsioak areagotzeko, Kosovon odol isurketa baten beldur handia dago. Izan ere, presentzia armatua ez da makala. Albaniar Ejertzito Nazioanala izeneko erakunde armatu bat existitzen da Kosovon bertan, 12.000 lagun armatuekin prest borrokarako. Serbiarekiko mugan kontrol armatuak ikusi izan dira. Baina mehatxu armatuak ez dira albaniarrak soilik; Lazar enperadore santuaren Goardia izeneko talde paramilitar serbiarra Kosovoko iparraldean agertu baita.
Bestalde, Kosovoren independentziak nazioartean liskar handiak eragin ditu ere. Europar Batasuna ez da oso argi posizionatu. Europa barnean iritzi ugari aurkitu daitezke, Espainia eta Greziaren aurkakotasuna eta beste estatuen (Alemania, Frantzia...) aldekotasunarengatik. Estatu Batuak Kosovoren independentziari oso argi eman dio bere bultzada, eta Errusia, berriz, Gerra Hotzako lehia gogoraraziz, Serbiaren alde jarri da independentzia gaitzetsiz. Eta Nazio Batuen Elkartea, betiko legez, ezer egin gabe.
Euskal Herrian, sektore moderatuetatik oso ondo hartu da Kosovoren independentzia. Sektore aurrerakoietatik, berriz, autodeterminazio prozesu oro oso ondo hartzen da, baino Kosovoren kasuan gogoeta baten beharra luzatzen da. Izan ere, Kosovo, EEBBn eta NATOren “kolonia” batean bihurtu da.
Batzuen ustez, baliteke, batetik, hurrengo egunetan, Kosovoko zonalde albaniarra Albaniara anexionatzea, eta bestetik, iparraldeko zonalde serbiarra Serbiara anexionatzea. Ez dakit. Dakidana, lurralde hau lehertzear dagoen polborategi bat dela da, eta iraganeko akatsetatik ikasi behar dugu Balkanetan bizi den odol isurketa ekiditzeko. Betiere herriari galdetuz eta herriaren nahia errespetatzea, besteen zapalketa suposatzen ez duen bitartean.